Sorkun
kontzertua
Bizitza ziklo berdinen errepikapena izan daiteke, baina ñabarduretan dago diferentzia.
Eskenatoki bat, musika, ahotsa eta ezagunak zaizkigun hainbat kantu.
Egin dezakegu esentzian gauza bera, baina ezberdin sentitu eta sentiarazi.
Proposamen akustiko honen ardatza, Sorkun abeslariak Kashbad-ekin hasi eta ibilbide diskografiko guztian - Kashbad – Distantzia – Hesiak – Onna – Dunna – Sorkun&Vicepresidentes - bildutako abestirik akustikoenak berreskuratu eta horiek eskenara modu ezberdin batean eramatea da, kantuak erabat biluztuz.
Kantu hauez gain, eskola zaharreko bluesak ere lekua izango du errepertorioan; Skip James, J.B Lenoir, Howling ’ Wolf-en kantuekin. Gainera, Shemekia Copeland eta Madeleine Peyroux-en bertsio berriak ere eskainiko ditu abeslariak.
Soiltasunez, Sorkunen ahotsa eskenatokian kulunkan jartzen da.
Ahotsak eskenatokian bukleak egin ditzan, kitarra akustikoekin, Gorka Sesma eta Iker Alvarez izando ditu alboan Sorkunek.
Gainera, musika ekitaldi baten kontzeptu espaziala jorragarria den aldetik, Sorkunen emanaldi akustikoa honetan, asmo berezia jarriko da espazio horren zainketan, dena eta ez dena agertzen saiatuz Karmele Cruz-en eskutik.
Emanaldia, eskenografikoki edota eskena moduan landuko da, zentzu honetan, argi zein itzalak edota musikak eraman gaitzaketen espazio horiek samurki marrazten saiatuz.
Musika berari lehen mailako protagonismo osoa emanez, maila hori mantentzen saiatuko den atmosfera egokia sortaraztea da helburua, entzungo denaren lekuaren oihartzuna besterik ez, musikara berbidaliko gaituen oihartzun bera.
Klubetako soinua, biluztasuna eta intimitatea. Entzulearen azalean laztan bat..